berria.info

Larunbata, 2012ko martxoak 31a.                                                           

Eliseo Argandoņa. Gros Xake Taldeko presidentea.

ĢEuskal xakearen etorkizuna ez da askok uste duten bezain ilunaģ.

Josu Tornay.

 

 

Groseko kideak; behean, eskuinetik hasita lehenengoa da Argandoņa. / BERRIA.

 

Euskal Liga irabazi berritan, pozik erantzun dio BERRIAren deiari Eliseo Argandoņa Gros Xake Taldeko presidenteak (Buenos Aires, 1955). Euskal xakearen orainaz eta etorkizunaz aritu da hizketan. Urrutira joan gabe, bost urteren buruan bere taldetik maisu handiren bat aterako dela uste du.


Grosek Euskal Liga irabazi du berriz, 2012an. Ezustekotzat jo liteke?


Ez luke ezusteko handia izan behar. Egia da hasiera batean inork ez gintuela titulua irabazteko faboritotzat jotzen. Naturgas Sestaok, esaterako, ahalmen handia dauka astebururo jokalari kanpotarrak ekartzeko, baina guk ez. Guk ez dugu horretarako aukerarik.

Betiko politikarekin jarraitu duzue aurten ere, etxeko jokalariak sustatuz. Euskal Ligan emaitza oso onak eman dizkizue horrek. Espainiako Txapelketan ere bertako jokalarien aldeko apustua egingo al duzue?


Espainiako eta Europako txapelketetan etxeko jokalariak hiruzpalau atzerritarrekin nahasten ditugu normalean. Onuragarria da gure jokalarientzat maila handiko profesionalekin jardutea. Euskal Ligan, aldiz, atzerriko jokalaririk gabe moldatzen gara.


Etxeko jokalariak sustatzen dituzuen arren, zaila al da klubetik maisu handiren bat ateratzea? Ikusten al duzu taldeko gazteren bat titulua lortzeko gai?


Edozein taldetan oso zaila da maisu handiren bat ateratzea. Halere, hemendik bost bat urtetara Groseko xake taldean baten batek titulua lortuko duela esatera ausartuko nintzateke.

Mario Gomez, Txelu Fernandez, Felix Izeta eta beste hainbat euskal maisu handiren ostean, badirudi ez dagoela titulua lortuko duen etorkizuneko xake jokalaririk. Zergatik dela uste duzu? Euskal xakearen antolakuntza da arazoa edo ez dago jokalari aproposik?


Euskal Herriko maisu handi guztiek 50 urte baino gehiago dituzte. Beste garai batzuk ziren orduko haiek: Lana, diziplina, ilusioa, esfortzua… Gaur egun ez dugu espero genuen bezalako emaitzarik jaso. Jokalariek edota Euskal Federazioak berak zerikusi zuzena izan dezakete.


Iazko Espainiako Txapelketako irabazleak zaretela kontuan hartuta eta egin dituzuen fitxaketak ikusita, datorren Espainiako Txapelketa irabazteko faboritoak zaretela esan daiteke?


Joan den azaroan jokatu zen Espainiako Txapelketarako egin genituen fitxaketak. Titulua irabaztea zen helburua, eta lortu genuen. Lehen euskal taldea izan ginen Espainiako Ohorezko Mailan garaipen bat lortzen. Iaz taldera etorri ziren jokalari gehienek taldean jarraitzen dute aurten, baina oso zaila ikusten dut txapelketa berriz irabaztea.

Nola ikusten duzu euskal xakearen etorkizuna? Zein jokalari gaztek har dezakete erreleboa hemendik hamar bat urtetara? Etorkizunik badela uste duzu?


Euskal xakearen etorkizuna ez da batzuek uste duten bezain iluna. Gutxika-gutxika bada ere, beti agertzen dira jokalari berriak. Kontuan hartu behar da, halere, xake jokalari indartsuek urte askoan eusten diotela beren mailari.


Eusko Jaurlaritzako araudiak zer eragin izan du euskal xakearen egungo egoeran?


Bertako gazteek aukera gutxi daukate lehiaketa garrantzitsuetan parte hartzeko —12 urtez azpiko gazteek ezin dute federatuta egon—. Adinagatik araudia betetzen ez duten horiek Nafarroan, Errioxan edo Kantabrian aurkitzen dute entrenatzeko eta lehiatzeko modua.


Ekintza asko bultzatu dira azken urteotan Grosen. Zerbait berezia pentsatu al duzue aurtengo?


Ez dakit denbora askorik izango dugun ekintza gehiago antolatzeko! Groseko Irekia, Udaberriko Txapelketa, Eskolartekoak… Gaur bertan, Donostiako 35. Nazioarteko Irekia hasiko da. Apirilaren 7ra bitarte jokatuko da, gure egoitzan. Urtero 150 xake jokalarik baino gehiagok parte hartzen dute. Ekintza bereziena da, inongo zalantzarik gabe.

Pozgarria izan zen Donostia Xake Jaialdian Felix Izeta xake taula baten aurrean ikustea berriz. Emaitza onak lortu zituen, gainera. Epe laburrean xakera itzuliko dela uste duzu ala betiko erretiroa hartu du?


Felixi galdetu beharko diozu hori, baina, haren esanetan, euskal selekzioa ofiziala izan artean behintzat, ez du xakera itzultzeko batere asmorik.